XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskal dantzak ordenatzea izan zen gure lehenengo kezka.

Arrazoia garbi dago.

Ahalegindua zen Webster dantzetan jatorrizko edukin batzuk bilatzen hala nola animali dantzak, gerra-dantzak, ofizio-dantzak etab., baina dantzen gaurko egoeran oso zaila da holakorik lortzea.

A. Hilano Olazaran Estella-koak ere egin zuen txistu-musikaren sailkapena, baina hau ere ez zen osokoa izan; eta beraz esan beharra daukagu, gure artean ez dela benetako ahaleginik egin, mugimenduaren mundu anarkiko hau zinez ordenatzeko.

Curt Sachs-ek eman zuen araubide eder bat bere Dantzaren Historia Unibertsala izeneko obran, Mendebaldeko Europan dantzak duen agertzeko moduaz.

Jakintsu alemanak kontrajarri egiten ditu gaurko herri primitiboen figurazio koreografikoak, non animalien mugimendu, oihu eta portaerak leialtasunik handienaz adierazten diren, Europako dantzek orohar ageri duten abstrakzioarekin.

Egia da, urrutira gabe, geuk ere baditugula animali izenez bataiatutako dantzak: Azeri-dantza, edota txori-izena daramaten Baztango mutil-dantzasaila, hala nola: Biligarroa, Añarxume, Zozoarena, etabar.

Baina inola ere ez zigun horrek ahalbiderik ematen dantzak horrelako erizpideren arabera ordenatzeko.

Guk proposatzen dugun eskemak, lehenago beste idazlan-pare batean ere aurkeztu izan dugunak, kontutan izan duen eta bereizten duen bakarra izan da: bakarkako eta taldekako izatea, gizonaren edo emakumearen, edo bien, partehartzea, dantza-modua nolakoa den kontu, dibujo edo linea koreografikorik elementalena eta, kasua denean, tresnarik edo erremintarik erabiltzen den ala eza.

BAKARKAKO DANTZAK

Bakarkako dantza-sailok gizonek bakarrik dantzatu izan dituzte ohiki, nahiz eta inoiz, Ahunte-dantzan kasu, emakumeek ere bertan parte hartu.

Zenbait festatan Gabonetan eta, familiarteko bilerek ematen zuten bide, trebetasun berezia eskatzen zuten kantu eta musika-instrumentuak jotzeko: hala nola, panderoa, moxukitarrak, kitarrak, eltzagorra, etab.

Eta honelako bileretan izaten ziren dantzaok; hor berriz dantza-modua mugatzen zuen zirkunstantziaren batekin, gehienbat lekuarekin, biziro loturik egoten zen trebetasuna.

Ohar bat egin nahi dut hemen.

Ez bedi inor harritu hemen zenbait joku eta dantzez iraganaldian hitzegiten badut, ba leialki esan beharra daukat, ez dakidala honek oraindik inon bizirik segitzen duten eta nola.

Almute-dantza almutea azpikoz gora jarri eta horren gainean dantzatzen da.

Alea neurtzeko erabiltzen den zurezko ontzi bat da almutea 1,75 l. kabitzen duena.

Arabieratik dator hitza.

Dantza, berriz, arin-arinaren erritmoko mugimendua izaten zen, dantzariak almute-gainean egin behar zuena; eta hutsegitetzat jotzen zen oreka galtzea edo oina lurrean jartzea.

Olgeta bezala nahiko zabaldua bide zegoen dantza hau.

R. M. Azkuek melodiazko eta euskalkizko aldakin ugari argitaratu zituen bere Cancioneroan dantza horrenak, Aldapeko Sagarraren izeneko kantuarekin.

Mugimenduzko edukin antzekoekin Orripeko eta Arin-arin, badira dantza-modu honen beste ritualizazioak ere azalera zabalago baten gainean dantzatzen direnak, adibidez Maiganekoa, Bizkaiko herri batzutan eta Nafarroako Auritzen dantzatzen dena.

Azkeneko herri honetan, baso ardo, serbileta zuri eta aipatutako melodi moduekin mahai gainean egiten zen Prioreen eta Zerbitzarien aukera eta botere-aldaketa.

Udaletxean gazteen ordezkari izaten ziren horiek urte beteko.

Penintsula Iberikoko beste leku batzutan gazteen alkate bezala ezagutzen dira.

Morfologia berdintsuekin, nahiz eta hedadura handiagoko ritual baten barruan izan, Bizkaiko Lekeitioko Kaxarranka daukagu, San Pedro egunez dantzatzen dena.

Azkuek Euskalerriaren Yakintzan dantza honen iraganaldi historiokoaz ematen dizkigun datuetan sartzen dira: apostoluen jantziak, ezpatadantzarien jarraigoak, kofradeak etab., zeintzuek XVI. mendeko prozesio-giroetara bait garamatzate.

Euskal Herriko zeremonia koreografiko hauen eta beste askoren edukin ilunak beti izan ziren okerbegiz ikusiak Elizaren aldetik; eta dantzaok itxuraldatzea lortu bazuten ere, erabat kentzera ez ziren iritsi.

Gaur egun ere bada oraindik Lekeition mehatxu gisako bat figura nagusiena egiten duenarentzat.

San Pedroren irudi-ustekoarentzat izaten da eta itsasora botako dutelako keinua egiten zaio.

Aditzera emate bat bezala uler daiteke hori, zer gerta dakiokeen hari, arrantza ugaria ez bada.

Sail horren barruan ezingo genuke iruzkindu gabe utzi, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban batipat, oso berezia den dantza bat eta Europako beste bazter batzutan ere zabaldurik dagoena, biziki interesgarriro frogaturik dagoenez.

Txakolin bezala ezagutzen da eta J. I. de Iztuetak ohartu zuen bere dantza-liburuan eta bere melodi koadernoan.

Dantza egitekoan trebetasun handia eskatzen duen dantza honetakoa da.

Lurrean bi makila jartzen dira gurutzean, eta melodiak agintzen duenaren arabera dantzariak gurutzearen beso-arte mugatuan oinkatuz antolatzen ditu bere dantza-pausoak.

Trebetasuna erakusteko dantzariak ez du oinekin makilarik ukitu behar, deskuidorik izango balu irudia desegingo luke eta dantza amaitu gabe geldituko litzateke.

Txakolinaren aldakin eder bat dantzatzen Pello Zuaznabar lasartearra ikusi genuen orain dela urte batzuk.

Iztuetak argitaratutako aldakinetariko baten arabera.

Makila gurutzatuetan badirudi eguzkiaren sinbolismoa dagoela presente eta lau puntu kardinalak ere bai.

Dantza hau bera, beste melodia batekin, frantses nekazari batzuk ikusi nituen dantzatzen.

Lucien Allard soinujole tradizionalaren errepertorioan ere aurkitzen da melodia bera.

Loira ibarreko nekazaria da Lucien Allard hau eta militar jatorriko errepertorioa duena; eta bertan Txakolinek, La Polichinelle izena hartzen du.

Nere ustez izen honek ginoleko gizonkil bati egiten dio erreferentzia, non makila gurutzatuak buru-gainean egon beharrean, oingainean bait daude.

Eskoziarrek ere egiten dute honelatsuko dantza bat, ezpatak lurrean gurutzaturik jartzen dituztela.

Zuberoan, bakarkako makil-dantza, artzain-jatorri garbia duen baten ondoren, eta hungariarrek egiten duten bezalatsu, dantzariek makilak lurrean gurutzatu, lehen esan dugun bezala, eta beren trebetasun-dantza egiten dute.

Honelako dantzak, jokutzat hartzen zirenak Nafarroan egiten ziren.

Horretarako bi gerrikoren puntak lau puntak lau aulkiri lotzen zitzaizkien; gerrikoak gurutzaturik gelditzen ziren eta beren gainean jauzika egiten zen dantza.

Ahalgarri da gizon- eta emakume-dantzen hondakinak, ohiki Gizon-dantza bezala ezagutzen ditugun modukoak, konplikazio ritualak galdu ondoren bakarkako bezala gelditu direnak.

Entradillas izenez ezagutzen diren Arabako dantza tradizionaletan agian gelditu izatea, ba horietan, herri desberdinetako ordezkari bezala agertzen diren dantzariek, lehen esan duguna uste izan erazten digute.

GIZONEZKOEN TALDE-DANTZAK Dantza zirkularrak

Gure dantza tradizionaletan gizonek izan duten papera ez da ulertzen gaur egun.

Gizonek izan duten distira koreografiko, suntuario edo musikalaren aurrean, maila apalago batean agertu izan da beti ere emakumea.

Egoera honek fondo arkaiko bat dauka, non gizarte tradizionalak segmentaturik agertzen bait dira gizonei eta emakumeei zeregin desberdinak esleitzen eta bereitzen zaizkielarik.

Ume-jolasetan ere beste horrenbeste egiten da mutiko eta neskatoekin ere.

Baina desberdin-izate hau ez da Kontraizate bezala ulertu behar, gorputz sozialaren barruan bata bestearen menpean balego bezala.

Benetan harmonia sakon bat dago hor, egon, komunitateak izaten jarraituko badu ezinbestekoa den oreka bat.

Zirkuluango dantzak bi sail handitan bana daitezke, nahiz eta denek zerbait komunik eduki, erloju-orratzen zentzuaren kontrara egiten direla alegia, euskal dantzarik gehienak bezala.

Eta hau, Curt Sachs-en ustez, ilargi-sinbolismo bategatik omen da.

Aipatu ditugun bi sail hauetan ipar-piriniar estilo eta motak aurkitzen dira Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Beherekoak lautziak izendatzen direnak; eta berebat Pirinioaren hegoaldean Baztanaldekoak, Mutildantza izendatzen direnak, ezkongabeenak inondik ere.

Iautziak Biarnon hasten dira, Euskal Herriaren ekialdean, eta Pirinioa horren parterik apalenetik korritzen dute, Baztanaldean sartuz.

Berorien deiturak gehienetan herrien izenekin loturik daude: Millafrangarrak, Moneindarrak, Kanboarrak, Luzaidarrak, etab.

Badira animalien izenekikoak ere: Hauntsak.

Halere, ezagunenek Muxikoak, Lapurtar motxak, Hegi, Ostalerrak, Maiana eta holako izenak izaten dituzte.

Nafarroa Behereko ihauterietako Zapurrak.